2009-01-28

Denboraren abiadura subjektiboa

Zenbatetan nozitu dugu denboraren abiadura subjektiboa? Konpainia onarekin denborak hegan egiten du, eta garai txarretan, ostera, aurrera egin baino, atzera egiten duela esango genuke. Baina badaude ere egoera onak, zeinetan denborak abiadura normala hartzen duen. Eta, nahiz eta primeran egon (lagun artean, adibidez), erlojua begiratu, eta: "Hara! Hamarrak pasatxo baino ez dira ondiño-ta!".

Denboraren abiadura subjektiboa. Urte osoa (ia ia) joan da azken posta publikatu nuenetik, eta ez dut esan gura garai hobeak bizi izan ditudala bloga barik berarekin baino! Baina, urteak, txoriak zelan egin du alde. Eta hemen nago berriro.

"Terapia?", pentsatu dut jefeak blog bat idaztea gomendatu didanean estresa askatzeko. Agian bai, batek daki. Izatez, garai txarretan izan ohi dituzte egunerokoek uzta hobea. Barruan dugun kaka guztia orri baten edota teklatu baten gainean askatzeak laguntzen du. Gainera, inspirazioa eta garai txarrak ez al doaz eskutik, ba?

Azken hilabetak gogorrak izan dira niretzat: antsietatea, estresa, izua... Atzerrira joan nintzen ikastera eta antsietate krisi latza pairatu nuen lehen hilabetea igaro eta gutxira. Txoriek nola alde egin duten hiru hile etxean (deskantsatzen) pasatu ostean, atzerrira bueltatu naiz, eta bi egun nahikoak izan dira beste krisi bat izateko. Esan barik doa bi egun hauei mende baten luzera hartu diedala. Horren aurrean zer egin, denboraren abiadura subjektiboa baldin bada?