"Poesiak eta garagardoak arima partekatzen dute";
lagun rockero batek esan zidan. Hitz horiek ez zituen erabili, baina zentzuari ondo heldu diodala uste dut.
Garagardoari inoiz emandako lehen zurrutada ez zaio inori gustatu, ez eta eskolan, behartuta, irakurritako poema liburuak ere. Zelanbait, esaldiak erditik moztearen mania hori mingotsa gertatzen zitzaigun, eta zerbezari emandako tragoaren ostean, bagenekian beste irakurketa bat beharko zuela baso horrek, ditxosozko garagarraren zaporea behingoan gozatzeko!
Aurrekoan, lagun batzuekin, Xabier Letek Kafe Antzokian eskainitako poesia errezitaldian egon nintzen −Joxan Goikoetxearen soinuaren mila soinuen laguntza paregabearekin!−. Nire lehen poesia errezitaldia zen. Beste lehen aldi batzuetan bezain nerbioso ez nengoen, baina bai nahiko espektante. Abestu egingo zuen? Irakurri bakarrik? Eserita ala zutik? Porro usaina gailenduko zen giroan, ala lagunak eta ni izango ginen Gazte Txarteladun bakarrak?... Hamaika galdera eta Xabier Leteri buruz genekizkienak gora-behera sartu ginen Antzokira.
* * *
Poetari egindako aurkezpenaren ostean, Xabier Lete mikrofonoa hartu zuen lehen momentutik, aurrean gintuen guztien emozioak kontrolatzeko gai izan zen, bere neurriko maisu bakanek baino ez dakiten moduan. Leteren apaltasuna, bere hitzen zehaztasuna, jarioaren freskotasuna eta aldi berean tranzendentzia… dena da erakargarria Xabier Leteren testuetan, kantetan, olerkietan… eta errezitaldietan. Goxoa, behar denean, irmoa, tokatzen denean, baina beti, beti, bikaina.
Pena eman zidan Lurdes Iriondo zendu zenean, eta oilo-larrua ipini zitzaidan Letek haren omenez idatzitako olerkia irakurri zuenean. Hemen kopiatu dut, Lurdesen omenez, Laboaren oroigarri, joan diren guztien adio −ez adiorik− eta Xabier Leteren maisutasunaren irudi.
Autorea: Xabier Lete
Argitaletxea: Pamiela
Liburua: Egunsentiaren esku izoztuak; bosgarren atala ["Neguan izan zen"]; 30. olerkia
XXX
Jaso nazazu, maite, azken egunean
har nazazu zure besoetan
muga izugarriaren ataria gurutzatzen dudanean,
bil ditzadala zuregandik ferekak eta irriak,
belaze goitarretako argitasunean
berreskura dezagula maitasun lehena
brisarak gure bekokiak zimurrez garbitzean,
nik dakit itxaroten didazula
ez dakit nola, ez dakit non
baina helorduko berraurkitze hori
jainko baten mentura harrigarriak ez dezala saihestu,
zure hitzean bermatzen naiz
joan zineneko serenitate hartan,
jaso nazazu, maite, kitapen handiaren egunean,
ez dut itxaroten tronpeten doinurik
ez nagokie aingeruen abestaldeei,
zor hura barkatua izan al baledi
eta kulpa hura xukatua…
orduan nintzateke ni betirako zure
betirako on, orbanik gabea, duin,
orduan ginateke betirako elkarren,
jaso nazazu, maitea, azken egunean,
zatoz nire bidera eta adeitsu, irriz
dei nazazu nire izenez
ni zure erruki handian salbatua izan nadin,
salbatuak elkarrekin eta maitasunean glorifikatuak betirako.
Argia.comek, Letek Iruñeko Planetarioan egindako errezitaldia grabatu zuen.
Eta guztion gozamenerako, duela 15 urte, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Xabier Letek kantatutako Xalbadorren Heriotzean.
2 comentarios:
Ez duk parekatze txarra. Garagardoa eta olerkia. Horrexegatik ez diat gustuko edari hori, ez naizelako horretan tematu. Bizitza honetan -ia- dena duk ederra, nahi izatean zagok gakoa. Gogoan zauzkaat unibertsitate garaiko errezitaldiak: Andolin Eguzkitza, Artze... Oraintsuago Kirmen Uriberenak. Gozoa duk sortzailearen ahotik doinu, eten, patxada eta emozioen koktel hori trago txikietan edatea, behin eta berriz. Ez duk zerbezaren ordezko txarra.
Erabat ados "nahi izate" horretan, eta horri gehituko nian, ahalik eta gauza gehienak probatzen saiatu behar diagu; -ia- guztiak probatu arte. Eta errezitaldien inguruan, gogoak daukadaz Kirmenen baten batetara juteko.
Publicar un comentario