2009-03-06

Martxoak 8 − Ez da ‘Biba Emakumeak!’ bakarrik

"Berbetatik ekintzetara!
133.225 aldiz hobetu dezakegu mundua!"


Herriaren jakinduria da egutegiko data zehatz bat beretzat gordeta duen orok, garai gatxak bizi dituela. Horratx Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna existitzea; abenduaren hamarrean, alegia. Eta Bakearen Nazioarteko Eguna, irailaren hogeita batean. Edota, Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren hiruan izatea. Egun horiek, halaber, geure kontzientziak astintzen dituzte, eta urteen joanean, ohiturak lagunduta, egutegia begiratu ere ez dugu egin behar “egun hauetan zera honi buruz” zeozer antolatu ohi dela jakiteko.

Hirurehun eta hirurogeita bost bat nazioarteko egun kalkulatzen ditut egutegiari gainbegiradatxo bat emanda. Baina data zehatz bati egingo diot so: egunotan bolo-bolo dabilen martxoaren 8ari. Emakumearen Nazioarteko Egunari, alegia.

Nazio Batuen Erakundeak, martxoaren zortzia, ofizialki, Emakumearen Nazioarteko Egun gisa 1977an onartu bazuen ere, 70 urte lehenago hasi zen egun sinboliko hau ernatzen. Eman ditugu, bai, berdintasuneranzko zenbait urrats, baina asko dago egiteke oraindik; eta beldur naiz nazioarteko egunak ez diren sinbologia hutsean lotuko.

Hogeita hamabi urte ospatzen daramagun egun honetan, nahi beste plan berdintzaile aurki ditzakegu edozein herri zein hiritan. Baina gizon-emakumeon parekotasuna ez da ‘Biba Emakumeak!’ aldarrikatzea bakarrik; bakea bultzatzeko ‘Gora Bakea!’ lelopean manifestatzea nahikoa ez den moduan. Berbetatik ekintzetara, martxoaren zortzitik egunerokotasunera. Oxala, inertziaren eraginez, martxoaren 8an inoiz baino berdinzaleago garen gizonok, martxoaren bederatziko dena-delako kausa emakumeekiko parekotasunean ere sustatzea. Horretara doaz nazioarteko egunok!

Poz handiz igartzen noan matxismoaren gainbehera honek, beste hirurehun eta hirurogeita lau kausaren sustapenen gorakadaz gozatuko lukeen mundu bat imajinatzera bultzatu nau. Kalkulagailua berotuz, 365 kausa, 365 egunetan zehar, geure egunerokotasunean defendatuko bagenitu, munduak, 133.225 aldiz hoberantz egingo lukeela otu zait. Hori bai hori marka! Eta gainera, behingoz, emakumezko eta gizonezkoak eskutik oratuta!

No hay comentarios: